Saltatu eta joan eduki nagusira

Kanpoko ebaluazietatik gelara, irakats-estiloa: konpetentziak, transferentzia matematikatik zientzietara genero ikuspegian oinarrituz

Begoña Burgoa Etxaburu

Ikastetxeetako ebaluazio desberdinetako emaitzak esku artean ditugunean, sarritan umezurtz sentitzen gara, nora jo jakin barik. Sentitzen dugu ate desberdinak ukitu behar ditugula: ikastetxearen antolakuntza, mailako taldean antolaketa, administrazioa, familien arreta… gelan erabilitako metodologia. Beste alde batetik, jakin badakigu ikasle konpetenteak sortzea ez dela gauerdiko eztula, gehien bat irakasleok horretan ikasle ez garelako izan.
Hitzaldiaren helburua konpetentziaren ur sakonetan apur bat murgiltzea da, eta horrekin irakasleei ate ireki berri bat eskaintzea; ate ireki horretatik abiatuta irakasleak ispilu bat aurkituko du eta bertan bere lanaren islada bat atzeman dezake.
Konpetentziaz berbetan ari garenean oso gutxitan aipatzen da transferentzia prozesuak horretan duen gakoa; transferentzia ostera, ikasitako ezagupena beste egoera batean erabiltzean datza. Bestalde transferentzia inteligentziaren osagai gisa identifikatu izan da (Sternberg, 1984b) eta bere ikerketa orain dela 100 urte baino gehiago hasi zen (Hoffding, 1892). Aspalditik ondorioztatu da pertsonok ezagupena nola erabiltzen dugun eta zein egoeratan bereganatu dugun oso era berezian lotuta daudela (Pea, 1989).
Transferentziaren kontzeptuak errebisio handiak izan ditu historian zehar. Hitzaldiak aurkeztuko duen ikerketak Lobatok (2003) Actor-Oriented Transfer esanahia barneratzen du. Ikuspegi honetan transferentzia ikaslearen begiradatik abiatu behar da eta ez hainbeste adituak diren pertsonen begiradatik, irakasleena alegia. Horrek esan nahi du, ezagupenen transferentzia ebaluatzerakoan ikasleen abiapuntua aintzat hartu behar dela, ikasleak eduki horren aurrean izan duen bizipena; hau da, ez bakarrik erabilitako ezagupena ondo ala txarto dagoen. Ikastaldi prozesuaren aurrean, transferentzian, emozioen kudeaketan neskek eta mutilek ditugun sentimenduak, jokaerak… ez dira berdinak; desberdintasunak egon badaude. Genero ikuspegiak, transferentzian zen gertatzen den hobeto ulertzen lagunduko digu.
Ikerketa honetan, transferentziari matematika eta zientzietatik heltzen zaio, eta DBHko 3. mailan kokatuta dago.