Zaragueta Herri Eskola Orioko ikastetxe publikoa da eta 2 urtetik 16 urte bitarteko neska eta mutilen garapen osoaren
aldeko lanean dihardu.
Eskola sortu zen garaian (1972) euskal
gizartean aldaketa handiak ari ziren gertatzen: euskarazko irakaskuntza,
pedagogia-berrikuntza, gurasoen partaidetza eskolaren kudeaketan... Hasieratik bere lan jarduna euskalduntzeari ekin
zion, artean irakaskuntza erabat gazteleraz ematen zen garaian, Gipuzkoako
beste bostekin batera esperientzia bat jarri zuen martxan irakaskuntza
publikoan euskara sartzeko. Ondorengo urtetan Haur Hezkuntzan B eta D ereduak
ezarri ziren azkenik D ereduan ziharduen lehenetariko ikastetxe publikoa bilakatu
arte.
Euskara irakasteak berrikuntza pedagogikoa ekarri zuen berekin. Haurraren heziketaren
inguruko azken pentsamoldeen ildotik lan egin zen: prestakuntza-ikastaro
bereziak, Unibertsitatearen aholkularitza, arte-hezkuntzaren trataera
berezia...
Herriko kultur
giroak ere antzeman zion eskolako lan-jarduera
berriari: abesbatza, kultur txangoak, antzerkia... Eskolako gelak herriko
taldeei ireki zitzaizkien, irakastorduetatik kanpo: dantza taldea,
musika-entsaioak, arabiera-ikastaroa, euskara erakusteko gau-eskolak...
1983an ikastetxe berrira pasa eta hortxe
jarraitzen dute, ingurune paregabean, bere aurrekoek zabaldutako bidea eginez
eta Orioko herriari kalitatezko euskal
eskola publikoa eskaintzen.
Eskola bizirik
dago eta horren adierazgarri dira urtetan egin
diren berrikuntza-proiektuak eta irakasleen etengabeko formazioa. Haur
Hezkuntzako ikasleek proiektuka egiten dute lan. Irakaskuntza-ikaskuntza
prozesua haurren interesetatik abiatuz. Ikerlanean eta esperimentatuz ikasketak
eraikitzen joaten dira, bakoitza bere erritmoan eta modu globalizatu batean.
Proiektuka lan egitean haurren arteko harremanak bultzatzen dira: elkarlana,
bizikidetza eta errespetua.
2015-16
ikasturtean “Partekatuz ikasi” programan tutoretza lanak egiteko
aukeratua izan zen Zaragueta Herri Eskola. Dakizuen bezala Proiektu honen
helburua ikastetxe batek beste batzuekin bere lan egiteko modua partekatzea da.
Zaragueta beste lau ikastetxeekin tutoretza lanak betetzen aritu da. Prestakuntza-saioak
eskaini zaizkie euren eskoletan eta eskola horietako irakasleak Orioraino
hurbildu dira bertakoek lana nola egiten duten ikustera. Oso esperientzia
aberasgarria izan dela adierazi digute, bai Zaragueta eskolakoek baita ere
tutorizatuak izan diren eskoletako irakasleek.
Guzti honen berri zuzena izan nahi duenak
horretarako aukera izango du datorren maiatzaren 13an goizeko 11:00etan Ainhoa
Zumetak Gipuzkoako Berriztapen Jardunaldien baitan egingo duen aurkezpenean.