Hezkuntza
eta eskola gizarte aldaketarako ezinbesteko tresnak dira. Ezagupenak,
jakintzak, sormenak, ikerkuntzak… dute bizitokia eskolan eta horrek
bidea ematen die ikasleei bertan askatasunerako gune bat topatzeko.
Itxaropen hori zuten hainbat emakumek, orain dela 116 urte Espainiako
unibertsitatean sartzeko aukera izan zutenean. Esperantza hori dute,
egun, munduko haur askok hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen
dutenean.
Funtsean askatasunerako promesa dakar eskolak, baina,
praktikan, gurean ere, horretarako hainbat traba topatzen dira
oraindik. Horien artean estereotipoak, eta zehazki genero
estereotipoak, mekanismo indartsuak dira eraldaketa oztopatzeko.
Arrosa eta urdina, printzesak eta futbolariak, ahulak eta indartsuak,
sentiberak eta gogorrak…, alegia, neskak eta mutilak. Baina
horrelakoak dira benetan edo horrelakoak ikusten ditugu? Noraino dira
estereotipoak, noraino errealitate? Estereotipoak badira, zeintzuk
dira horien ondorioak? Eta zein da hezkuntza, eskola edota irakasleen
zeregina estereotipo horien aurrean? Galdera horien inguruan gogoeta
egitea litzateke hitzaldiaren helburua, beti ere, eskolak duen
eginkizuna eta ardura kontuan hartuz.