Azken bi ikasturteetan landu dugun proiektuak
Aiako Lardizabal Herri Eskolako ikasleen beharrei egoki erantzuteko tresna izan
nahi du. Era berean, ikasleriaren
aniztasunari erantzun nahi izan dio.
Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzek gure
ikasleen errendimendu akademikoa ona dela dioten arren, eskolako irakasle
taldeak hobetze planak proposatu
eta burutu ditu. Lan horrek, fruituak
eman ditu, ondoren egin diren ebaluazioen emaitzek diotenez. Aitortu beharra
dago, ordea, hartu ditugun neurriak gerora aplikatzekoak izan direla kasu
gehienetan; ebaluatu dugun taldeak gerora egin dituela jarduera osagarri edo
indargarriak, alegia.
Proiektu integrala euskara eta
matematika arloetan gauzatu dugu. Egun arlo horien denboraren erdia
proiektuaren eskutik lantzen dugu. Arlo bakoitzaren dimentsio eta jarduera
desberdinak adin desberdineko taldetan eta ziklo desberdinetako ikasleak gela berean
direlarik lantzen ditugu.
Antolamendu eta plangintza berriek
aurreikusitako asmoek ongi bete dituzte eta ikasleengan eragin positiboa izan
dute.
Guzti honen berri zuzena izan nahi
duenak horretarako aukera izango du datorren maiatzaren 12an goizeko 12:00etan Belen
Zabala eta Xabier Gaitonek Gipuzkoako Berriztapen Jardunaldien baitan egingo duten
aurkezpenean.