Toki Alai duela 27 urte jaiotako 2-16 urteko proiektua da,
publikoa eta D eredukoa. Horrek jaiotzetik ezaugarri propioak eman dizkio,
izaeran eta biltzen dituen familia- nahiz ikasleria-motan.
Gure ikasleek emaitza onak lortzen dituzte barruko nahiz
kanpoko ebaluazioetan, baina ikastetxe barruan ikasleen arteko harremanetan
gaztelania nagusitzen joan da azken urteotan.
Ikastetxearen tamaina, ikasle- eta familia-tipologia
berriak, Irungo giro erdalduna, gizartearen euskararekiko pertzepzioa …
Urteetan zehar, arrazoi ugari bilatu dizkiogu egoera horri, baina ez genuen
buelta ematea lortzen.
2009-10 ikasturtean
HNBk proposatuta “Denok hizkuntza irakasle” izenburuko hausnarketa egin genuen, mintegietan eztabaida piztu genuen eta
irakasgai bakoitzak HKGri egin behar dion ekarpena definitu genuen.
2011ko hobekuntza
planean, berriz, irakasgaian baino irakasleongan eragin nahi izan
genuen eta horretarako eginkizun hori ekin genion: “Profesionalen eremuko euskararen erabilerarako diagnostikoa egiteko
tresna eraginkor bat sortu eta erabili, hizkuntzarekiko jokabide
desegokiak antzemateko eta bideratzeko”
2011-12
ikasturtean diagnosi-tresna bat
diseinatu genuen, G02ko HNTaren laguntzaz. Egitasmoa, irakasleengana ez
ezik, langile guztiongana zabaltzea pentsatu genuen; proiektua aurkeztu genion
langileriari
2012-13an diagnosi-tresna pasa, emaitzak aztertu eta
hobekuntza plana bideratu genuen, modu desberdinean irakasleekin eta
langile ez irakasleekin.
Irakasleekin hemeretzi eremu aztertu genituen eta ahulen
ageri ziren lautan eragitea erabaki genuen. Hauetan hain zuzen: 'Motibatu, Euskara
balioetsi'; 'Inputa areagotu-aberastu';'Egoerak sortu eta erabilera kitzikatu'
eta 'Irakasleon arteko harreman-hizkuntza'.
Eremu bakoitzean jarduera sorta zabala proposatu genuen eta,
mintegietan aurkeztu ondoren, nork bereak jarri zituen martxan. Ikasturte
bukaeran diagnosi-tresna pasa genuen berriro eta izandako hobekuntzak aztertu.
2013-14an,
ikasturte hasieran formakuntza egin
dugu ('Erabileraren ontzia bete.
Euskareran erabileran eragiten') eta urteko planean txertatu dugu
ondorioztatutakoa.