Proiektu hau Lizardi BHI-k Hizkuntza eta
Komunikazioko Gaitasunaren garapenean azken urteetan aurrera daraman proiektu
zabalaren atal bat da. Hizkuntza Proiektuaren azpi proiektuen artean ditugu:
Hizkuntza Normalkuntza Proiektua, Proiektu Eleanitza, Bikoteka Irakurtzen eta
Teknologia Berriak, Idazmena Curriculumean... Eta orain dagokiguna: Idazmen Bateratua.
Proiektu hau 2013-2014 ikasturtean gauzatu da
1. DBHko ikasleekin. Ikasturte hasieran Euskal Hizkuntza eta Literaturako
mintegiak Gaztelania eta Literaturako mintegiarekin batera idazmenaren
irakaskuntza eta ebaluazio proposamen bateratua egitea erabaki genuen.
Horretarako webquestak eta errubrikak hartu ditugu bitarteko.
Webquestak mini proiektuak sortu eta
proiektuen bidezko irakaskuntza bideratzeko aukera ematen digute, teknologia
berriak erabiliz. Errubrikak, berriz, ekoizpenak ebaluatzeko tresna ezin hobeak
suertatu zaizkigu. Honek guztiak bi hizkuntzetako irakasleen artean lan adostu
eta bateratua egitea ahalbidetu digu.
Testu generoak lantzeko irakasleon artean
webquest adostuak sortu ditugu. Webquestetan testuak lantzeko behar diren eredu
eta jarduerak txertatu ditugu eta proiektu bakoitzaren amaieran ikasleei testu
ekoizpena eskatu diegu euskaraz zein gazteleraz. Ikasleek egindako lanak
baloratzeko, testu bakoitzari dagokion Errubrika adostu dugu irakasleon artean,
Ebaluazio Diagnostikoko errubrikak eredu hartuz; hauek gaztelaniaz zein
euskaraz era berean ebaluatzeko balio izan digute. Errubrikak aurretik adostuta
zeudenez, ikasleek ezagutu ahal izan dute zein irizpideren arabera ebaluatuko
ziren beraiek idatzitako testuak.