Proiektuen bidez Haur Hezkuntzako ikasle guztiak elkarlanean



Zaragueta Herri Eskola Orioko ikastetxe publikoa da eta 2 urtetik  16 urte bitarteko neska eta mutilen garapen osoaren aldeko lanean  dihardu. 

Eskola sortu zen garaian (1972) euskal gizartean aldaketa handiak ari ziren gertatzen: euskarazko irakaskuntza, pedagogia-berrikuntza, gurasoen partaidetza eskolaren kudeaketan... Hasieratik bere lan jarduna euskalduntzeari ekin zion, artean irakaskuntza erabat gazteleraz ematen zen garaian, Gipuzkoako beste bostekin batera esperientzia bat jarri zuen martxan irakaskuntza publikoan euskara sartzeko. Ondorengo urtetan Haur Hezkuntzan B eta D ereduak ezarri ziren azkenik D ereduan ziharduen lehenetariko ikastetxe publikoa bilakatu arte. 

Euskara irakasteak berrikuntza pedagogikoa ekarri zuen berekin. Haurraren heziketaren inguruko azken pentsamoldeen ildotik lan egin zen: prestakuntza-ikastaro bereziak, Unibertsitatearen aholkularitza, arte-hezkuntzaren trataera berezia...

Herriko kultur giroak ere antzeman zion eskolako lan-jarduera berriari: abesbatza, kultur txangoak, antzerkia... Eskolako gelak herriko taldeei ireki zitzaizkien, irakastorduetatik kanpo: dantza taldea, musika-entsaioak, arabiera-ikastaroa, euskara erakusteko gau-eskolak... 

1983an ikastetxe berrira pasa eta hortxe jarraitzen dute, ingurune paregabean, bere aurrekoek zabaldutako bidea eginez eta Orioko herriari kalitatezko euskal eskola publikoa eskaintzen. 

Eskola bizirik dago eta horren adierazgarri dira urtetan egin diren berrikuntza-proiektuak eta irakasleen etengabeko formazioa. Haur Hezkuntzako ikasleek proiektuka egiten dute lan. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua haurren interesetatik abiatuz. Ikerlanean eta esperimentatuz ikasketak eraikitzen joaten dira, bakoitza bere erritmoan eta modu globalizatu batean. Proiektuka lan egitean haurren arteko harremanak bultzatzen dira: elkarlana, bizikidetza eta errespetua. 

2015-16 ikasturtean “Partekatuz ikasi” programan tutoretza lanak egiteko aukeratua izan zen Zaragueta Herri Eskola. Dakizuen bezala Proiektu honen helburua ikastetxe batek beste batzuekin bere lan egiteko modua partekatzea da. Zaragueta beste lau ikastetxeekin tutoretza lanak betetzen aritu da. Prestakuntza-saioak eskaini zaizkie euren eskoletan eta eskola horietako irakasleak Orioraino hurbildu dira bertakoek lana nola egiten duten ikustera. Oso esperientzia aberasgarria izan dela adierazi digute, bai Zaragueta eskolakoek baita ere tutorizatuak izan diren eskoletako irakasleek.

Guzti honen berri zuzena izan nahi duenak horretarako aukera izango du datorren maiatzaren 13an goizeko 11:00etan Ainhoa Zumetak Gipuzkoako Berriztapen Jardunaldien baitan egingo duen aurkezpenean.