Saltatu eta joan eduki nagusira

Eskolaren erronka hezkidetzaren aurrean


Hezkuntza eta eskola gizarte aldaketarako ezinbesteko tresnak dira. Ezagupenak, jakintzak, sormenak, ikerkuntzak… dute bizitokia eskolan eta horrek bidea ematen die ikasleei bertan askatasunerako gune bat topatzeko. Itxaropen hori zuten hainbat emakumek, orain dela 116 urte Espainiako unibertsitatean sartzeko aukera izan zutenean. Esperantza hori dute, egun, munduko haur askok hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dutenean. 
Funtsean askatasunerako promesa dakar eskolak, baina, praktikan, gurean ere, horretarako hainbat traba topatzen dira oraindik. Horien artean estereotipoak, eta zehazki genero estereotipoak, mekanismo indartsuak dira eraldaketa oztopatzeko. Arrosa eta urdina, printzesak eta futbolariak, ahulak eta indartsuak, sentiberak eta gogorrak…, alegia, neskak eta mutilak. Baina horrelakoak dira benetan edo horrelakoak ikusten ditugu? Noraino dira estereotipoak, noraino errealitate? Estereotipoak badira, zeintzuk dira horien ondorioak? Eta zein da hezkuntza, eskola edota irakasleen zeregina estereotipo horien aurrean? Galdera horien inguruan gogoeta egitea litzateke hitzaldiaren helburua, beti ere, eskolak duen eginkizuna eta ardura kontuan hartuz.