Saltatu eta joan eduki nagusira

Bidasoatik Mundura esperientzia.

DBHko ikasleen artean sedentarismoa eta elikadura ohitura desegokiak handituz doazela adierazi zuten Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalek Irungo Berritzegunean 2014-15 ikasturtean. Era berean, elikadura osasuntsua eta ariketa fisikoa eragiteko, Europako Batasuneko proiektu eta ikerketa batean parte hartzea proposatu zuten. Hasierako proposamena bi ikastetxerekin lana egitea bazen ere, Berritzegunean  pentsatu genuen Bidasoaldeko ikastetxe guztiei zabaltzea proiektua eta programa, eta ikastetxe guztien erantzuna baikorra izan zen, guztira 10 ikastetxeren parte hartzea izanik.

2015-16 ikasturtean Bidasoaldeko DBHko 1. eta 2. Mailako ikasle guztiei azaldu zitzaien. Halaber, ikasleentzat euskarri bezala eta ekintza guztiak dinamizatzeko www.bidasoatikmundura.eus webgunea zabaldu zen.

Bidasoatik Mundura Sasoi Erronka programa, eta abentura horretan elkar lanean gabiltza Kronikgune, Osasun saila, Osakidetza, Irun eta Hondarribiako Udalak, Txiribuelta taldea, Ikastetxeak eta Irungo Berritzegunea.
Hilero 1.eta 2. DBHko ikasleen erdia baino gehiago, 800 ikasle inguru, ari da jolas garai batzuetan gorputza mugitzen eta elikadura osasuntsuaren ideiak barneratzen. 

Irakasle eta ikastetxe guztiek egindako esfortzuak merezi duela ikusten dugu. Hurrengo urteetan jarraipena ematea izango da denon erronka.