Irakasle guztiak hizkuntza-irakasle eta erabileraren eragile. Toki Ala BHI, Irun.




Toki Alai duela 27 urte jaiotako 2-16 urteko proiektua da, publikoa eta D eredukoa. Horrek jaiotzetik ezaugarri propioak eman dizkio, izaeran eta biltzen dituen familia- nahiz ikasleria-motan.

Gure ikasleek emaitza onak lortzen dituzte barruko nahiz kanpoko ebaluazioetan, baina ikastetxe barruan ikasleen arteko harremanetan gaztelania nagusitzen joan da azken urteotan.

Ikastetxearen tamaina, ikasle- eta familia-tipologia berriak, Irungo giro erdalduna, gizartearen euskararekiko pertzepzioa … Urteetan zehar, arrazoi ugari bilatu dizkiogu egoera horri, baina ez genuen buelta ematea lortzen.

2009-10 ikasturtean HNBk proposatuta “Denok hizkuntza irakasle” izenburuko hausnarketa egin genuen, mintegietan eztabaida piztu genuen eta irakasgai bakoitzak HKGri egin behar dion ekarpena definitu genuen.

2011ko hobekuntza planean, berriz, irakasgaian baino  irakasleongan eragin nahi izan genuen eta horretarako eginkizun hori ekin genion: “Profesionalen eremuko euskararen erabilerarako diagnostikoa egiteko tresna eraginkor bat sortu eta  erabili, hizkuntzarekiko jokabide desegokiak antzemateko eta bideratzeko”

2011-12 ikasturtean diagnosi-tresna bat diseinatu genuen, G02ko HNTaren laguntzaz. Egitasmoa, irakasleengana ez ezik, langile guztiongana zabaltzea pentsatu genuen; proiektua aurkeztu genion langileriari

2012-13an diagnosi-tresna pasa, emaitzak aztertu eta hobekuntza plana bideratu genuen, modu desberdinean irakasleekin eta langile ez irakasleekin.

Irakasleekin hemeretzi eremu aztertu genituen eta ahulen ageri ziren lautan eragitea erabaki genuen. Hauetan hain zuzen: 'Motibatu, Euskara balioetsi'; 'Inputa areagotu-aberastu';'Egoerak sortu eta erabilera kitzikatu' eta 'Irakasleon arteko harreman-hizkuntza'.

Eremu bakoitzean jarduera sorta zabala proposatu genuen eta, mintegietan aurkeztu ondoren, nork bereak jarri zituen martxan. Ikasturte bukaeran diagnosi-tresna pasa genuen berriro eta izandako hobekuntzak aztertu.


2013-14an, ikasturte hasieran formakuntza egin dugu ('Erabileraren ontzia bete. Euskareran erabileran eragiten') eta urteko planean txertatu dugu ondorioztatutakoa.