Saltatu eta joan eduki nagusira

Intxaurrondo Ikastola: LIBURUTEGIA, IRAKURZALETASUNA ETA LITERATURA


   Azkar pasatzen da denbora... Ia ia konturatu gabe maiatzean gaude berriro. Eta, berriro ere, Gipuzkoako Hezkuntza Berriztapen Proiektuen Jardunaldiak hasteko zain.

   Oraingo honetan, aurrekoetan bezalaxe, gure ikastetxeetan gai ezberdinen inguruan aurrera eramaten ari diren proiektu eta esperientzia interesgarriak ezagutzeko aukera izango dugu: ze asmo diren gidari, ze ibilbide egin diren, nora iritsi den, nolakoa izan den ikasleen erantzuna, bizi izandakoari buruz egiten den gogoeta...

   Ikastetxe horien artean Donostiako INTXAURRONDO IKASTOLAn duela urte batzuk jaio, denborarekin aberasten joan den eta gaur egun bizirik jarraitzen duen egitasmoari buruzko zehaztapenak emateko, zuzendaria eta liburutegiko arduraduna izango ditugu gure artean maiatzaren 9an kafe ondoko saioan.

   LIBURUTEGIA, IRAKURZALETASUNA eta LITERATURAri lotutako agerpen honetan ikastolan egindako ibilbidea zein hainbat ekintza era labur batean deskribatuko dira ("Motxila ibiltaria", "Bikoteka irakurtzen", "Ipuin pintxoak", bisitak...). Hona hemen lantzen diren eremuak edo lana gidatzen duten helburuak:
  • Irakurzaletasuna bultzatzea
  • Liburutegiko erabiltzailearen formakuntza zihurtatzea
  • Informazio bilaketan trebatzea
  Honetaz guztiaz hitz egingo digute Garbiñek eta Iñakik. Esan dezakegu egitasmo honen harira egiten dena PISA dela eta sortutako dokumentuetan irakurketari buruz ematen den definizioarekin bat datorrela eta hori lortzeko egiten dela:
"Ikasleen artean irakurketa ulergarriaren garapena sortzea da hezkuntza-sistemaren oinarri nagusietako bat. Ikasketa horren gainean joango dira eraikitzen gero eta abstraktuagoak eta konplexuagoak diren beste ezagutza batzuk. Beraz, irakurketa gerora ikasi ahal izateko oinarrizko tresna pribilegiatua dela esan dezakegu." (PISA: Irakurmena. ISEI-IVEI, 10. or. 2011)




Baina irakurmena literaturaz eta bizitzaz gozatzeko ere bide bat dela ahaztu gabe...