Saltatu eta joan eduki nagusira

: Idazmenaren irakaskuntza eta ebaluazio bateratua, webquestak eta errubrikak erabiliz.


Proiektu hau Lizardi BHI-k Hizkuntza eta Komunikazioko Gaitasunaren garapenean azken urteetan aurrera daraman proiektu zabalaren atal bat da. Hizkuntza Proiektuaren azpi proiektuen artean ditugu: Hizkuntza Normalkuntza Proiektua, Proiektu Eleanitza, Bikoteka Irakurtzen eta Teknologia Berriak, Idazmena Curriculumean... Eta orain dagokiguna: Idazmen Bateratua.

Proiektu hau 2013-2014 ikasturtean gauzatu da 1. DBHko ikasleekin. Ikasturte hasieran Euskal Hizkuntza eta Literaturako mintegiak Gaztelania eta Literaturako mintegiarekin batera idazmenaren irakaskuntza eta ebaluazio proposamen bateratua egitea erabaki genuen. Horretarako webquestak eta errubrikak hartu ditugu bitarteko.

Webquestak mini proiektuak sortu eta proiektuen bidezko irakaskuntza bideratzeko aukera ematen digute, teknologia berriak erabiliz. Errubrikak, berriz, ekoizpenak ebaluatzeko tresna ezin hobeak suertatu zaizkigu. Honek guztiak bi hizkuntzetako irakasleen artean lan adostu eta bateratua egitea ahalbidetu digu.

Testu generoak lantzeko irakasleon artean webquest adostuak sortu ditugu. Webquestetan testuak lantzeko behar diren eredu eta jarduerak txertatu ditugu eta proiektu bakoitzaren amaieran ikasleei testu ekoizpena eskatu diegu euskaraz zein gazteleraz. Ikasleek egindako lanak baloratzeko, testu bakoitzari dagokion Errubrika adostu dugu irakasleon artean, Ebaluazio Diagnostikoko errubrikak eredu hartuz; hauek gaztelaniaz zein euskaraz era berean ebaluatzeko balio izan digute. Errubrikak aurretik adostuta zeudenez, ikasleek ezagutu ahal izan dute zein irizpideren arabera ebaluatuko ziren beraiek idatzitako testuak.