Saltatu eta joan eduki nagusira

HIRITARTASUNA IRAKASGAIA DBHn: AUKERA BAT, ERRONKA BAT

Hiritartasuna irakasgaia. Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna. Oinarrizko gaitasunak. Gure eskola. Gure hezkuntza proiektua. Elkarbizitza proiektua. Tutoretza plangintza. XXI. mendeko ikastetxeen zereginak. Heziketa. Ikasleak. Pertsonak. Hiritarrak. Aktiboak. Solidarioak. Konprometituak… Zenbat gauza! Zenbat aukera! Zenbat erronka!

Honela hartu genuen gurean hiritartasuna arloa: sinesten dugun eskola aurrera eramateko beste aukera bat bezala. Ez zitzaigun iruditu beste arlo bat bakarrik zela; ikastetxean egiten dugun ororekin bat egin behar zuen, hiritartasunerako hezkuntza ez baita arlo bakar batean lantzen, ezta eskolan bakarrik ere! Aukera bat zen elkarbizitza proiektuan eta tutoretza plangintzan jasota dauden hainbat gai curriculumeam errefortzatuta txertatzeko. Eta erronka, noski. Nola egin?

Eskolako proiektuaren parte baldin bazen, ez zen irakasle bakar batek eman beharreko gaia . Orokortu eta txertatu behar genuen. Tutoreek emango zuten. Baina… Nola? Zer? Nola bultzatu ikasle aktibo, kritiko, solidario, inplikatu, konprometituak? Hoberena beraiei aktiboak, kritikoak, solidarioak… izateko aukera ematea izango zela iruditu zitzaigun, beraien konpromiso eta inplikazioa bilatzen, erronkak planteatzen. “Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioa” aukera paregabea zen honetarako:

“Ikasketa eta zerbitzua hezkuntza-proposamena da, eta ikasketa zein erkidegoarentzako zerbitzua bateratzen ditu ondo egituratutako proiektu bakar batean. Bertan, hain zuzen ere, parte-hartzaileek ikasi egiten dute eta, aldi berean, inguruneko benetako premietan lan egiten dute, hobetzeko asmoz” (Puig, J.M.; Baltlle, R.; Palos, J.)

Hala, Hiritartasuna irakasgaian errealitate ezberdinak aztertzen dituzte gure ikasleek kanpoko erakundeen laguntzaz, eta ondoren euren ingurua hobetzen lagunduko duen proiektu bat garatzen dute diagnostikotik abiatuta, irakastalde osoa inplikatzen delarik: arlo guztietan egiten diogu keinu bat proiektuari eta bakoitzari dagokionean landu. Proiektuak anitzak izan dira orain artean:
  • Belaunaldien arteko trukea: ikastetxe ondoan dagoen eguneko zentruko agureekin esperientziak trukatu, istorioak kontatu ,soin ariketetan lagundu… Esperientzia guztiekin liburuxka bat egin.
  • Gure ingurua hobetzen:
    o Eskolako patioan lorategia egin.
    o Eskolaren barrualdea hobetu, ateak margotu…
  • Irungo ondare historiko eta kulturala: eskola ondoan dagoen gaztelu zaharraren inguruko ikerketa eta panel jartzea.
  • Drogen aurkako kanpaina.
  • Irun bizikletaz: Agenda 21ekin lotuta, Irunen bizikletaz mugitzeko dauden aukerak aztertu eta zailtasunekin txostena bidali Udaletxera.

    Ikasten dute, inplikatzen dira, aktiboak dira, ongi sentitzen dira …. Ez al da hau gure helburua?

    Honek guztiak egitura orokor bat eskatzen du, noski: antolaketa malgua, koordinazio espazioak, inguruarekin harreman estua, proiektuen araberako baliabideak lortzea… Egin daiteke! Egiten dugu! Merezi du!