Saltatu eta joan eduki nagusira

ESPERIENTZIETATIK PENTSAMENDU ZIENTIFIKORA

Ponentzi honetan Domingo Agirre Eskola Publikoko proiektuetako bat aurkeztuko da. Egitasmo honen helburu nagusiak hauek dira:


Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak, txiki txikitatik zientzia munduarekin kontaktu zuzena izatea,
ikasleengan pentsamendu zientifikoa suspertzea eta
metodo zientifikoaren bidez, gertakizun arruntak ulertu eta azaltzeko gai izatea.

Beraz, ikasleei eguneroko esperientzia arruntetik abiatuz, behatzeko, aztertzeko, manipulatzeko, hipotesiak formulatzeko, hauek egiaztatzeko edota gezurtatzeko eta ondorioak ateratzeko aukera emateaz gain, ondoren gainerako gelakideei egindakoa komunikatzeko eskatzen zaie.

Prozesu honetan irakasleak ikasleen lana behatu eta sustatzen du. Taldearen dinamizatzaile bihurtzen da, lanerako jarraibideak emanez eta ikasleen erritmo eta autonomia errespetatuz.

Proiektu honekin beste erronka bat dugu: ikastetxe osorako hezkuntza zientifikoa modu erakargarrian lantzea eta bai ikasle eta bai irakasleen elkarlana sustatzea.

Bestalde, curriculumeko oinarrizko konpetentziak modu praktikoan gauzatzen dira, bai unitate didaktikoak sortu eta garatzerakoan, bai ikasgai desberdinetan esperientziak txertatzerakoan. Honela eginez, konpetentziek, euren berezko izaera eskuratzen dute.

Proiektu eran planteatzeak eragina izan du eskolako antolaketan, formazioan eta lanari zentzua ematen. Hala ere, proiektua izateak ez du esan nahi inola ere itxia edo finkoa denik, alderantziz, egitasmo malgua dugu, guztion artean garatuz eta hazten doana.